‘Jakiak ehuntzen’ sareko ekoizleek ateak ireki dizkiete udaberri honetan saltokiei, kontsumo-taldeei eta, oro har, herritarrei, Zangozako Merindadeko elikagaiak ezagutzera emateko. Bisita gidatuen bidez, beren lantze-prozesuak erakutsi dizkiete, ingurunearekiko errespetua eta egiteko modu artisauak ezaugarri direla.
Maiatzaren 13an hogei bat lagunek Pirineki bisitatu zuten, Aurizberrin. Aitor Zazperekin batera, taldea behiak bazkatzen ari ziren larrera joan zen. Ondoren, esnea ontziratzen den eta markako jogurtak eta gaztak egiten diren instalazioetara joan zen. Hurrengo igandean, Oibarko ‘Mendiko’ Upeltegiko Imanol Iberok erakutsi zuen bere ardo ekologikoak ekoizteko prozesua, mahastietatik botiletara. Eta maiatzaren 26an, Jesús Cíak gidari-lana egin zuen Joseneak Irunberrin lantzen dituen eta propietate sendagarriak eta lurrintsuak dituzten landareen, zuhaixken eta zuhaitzen lursail ekologikoan.
Bisitek parte hartzaileen interesa sotu dute, eta esperientziari esker, frisiar behi batek zenbat esne ematen duen, mahastia zer produkturekin tratatzen den edo sendabelar bakoitza zein unetan biltzen den ikasi dute, beste hainbat bitxikeriaz gain. Sandra Gasconi (Burgin izen bera duen dendaren jabea) oso positiboa iruditu zaio ekimena: “Uste osoa dut 0 kilometroko eta ekonomia zirkularreko ‘Jakiak ehuntzen’ proiektuan. Oso garrantzitsua iruditzen zait gurea eskaini ahal izatea, oso produktu ona baita. Josenearen bisitan izena eman nuen, hobeto ezagutu nahi nuelako. Asko harritu nau, ez bainekien gizarte-ekimeneko enpresa gisa zenbateko lan egiten duten”. ‘Arterra’ kontsumo-taldeko Maite Lafarga-ri ere interesgarriak iruditzen zaizkio tokiko banaketa-proiektuak eta bisitak: “Artisau-produktuak egiten dituen jendeak liluratzen nau. Gainera, tokiko ekoizleentzako laguntza-sareak sortzea funtsezkoa iruditzen zait gizarte-aldaketa baterako”. Bestalde, Otsagabiko Covirán supermerkatuko Eduardo Allok ‘Pirineki’ko produktuak eskaintzen ditu bere establezimenduan, produktuek duten kalitateagatik eta Zaraitzu Ibarreko biztanleei zein turistei gustatzen zaizkielako. Haren hitzetan, “bisitan izena eman nuen nola egiten den bertatik bertara ezagutzeko, eta, horrela, behi horiek nola bizi diren, produktua nola egiten den… bermez azaltzeko. Alabarekin etorri naiz eta goiz atsegina igaro dugu”.